Zer da Renove Salesianas

Abian da “Renove Salesianas Zaharrak Berri” prozesu parte-hartzailea. Mª Auxiliadora (Salesianas) ikastetxea zenaren eraikinean Txantrearako zabalduko den gizarte eta kultur ekimeneko zentro komunitario berriaren erabilerak eta kudeaketa modu kolektiboan erabakiko dira prozesu honen bidez. Prozesua irekia, bere baitan pertsona guztiak bildu nahi dituena, egokitua eta plurala izanen da, zeinean pertsona guztiok parte hartzeko aukera dugula sentituko dugun.

Orain hasiko da prozesu parte-hartzailearen lehen fasea eta herritarrek eraikinaren espazio eta erabilera berriak erabakiko dituzte. Zentroaren diseinua balio anitzekoa izanen da, erabilera ezberdin ugari biltzeko gai eta praktikoa, herritarren beharretara egokituta. Espazioak irisgarritasuna bermatu behar du, oztopo arkitektonikoak deuseztatuz. Baita jasangarritasuna ere, eraikinaren aztarna ekologikoa txikituz. Baina erabilera eta diseinu hauek ez daude erabakita, auzoko biztanleok izanen gara eraikin honen izaera eta erabilerak zehaztuko ditugunak.

Prozesuaren faseak

1.go fasea: apirilaren 12tik irailaren 30era

Ekainaren 10a bitarte eraikinaren erabileren inguruko biztanleen, taldeen eta eragile sozio-kulturalen ekarpen eta iradokizunak bilduko dira.

Behin bilketa amaituta, ideiak eta proposamenak bateratzeko kudeaketa lana eginen da.

Ondoren, eraikina bere erabilera berrietara egokitzeko proiektu arkitektonikoa landuko da parte-hartzaileekin batera eginen diren lan bileretan.

2. fasea: 2017ko udazkena

Zentroaren kudeaketa modeloa, filosofia eta antolaketa alderdiak aztertu eta adostuko dira.

3. fasea: 2018ko udaberria

Zentro komunitario berriaren garapenean eta abiaraztean ardaztuko da.


Eraikinaren datuak

Eraikinak guztira 1.800 m²ko azalera erabilgarria dauka, banatuta beheko plantan 910 m² eta goiko plantan 890 m². Aparte, une honetan berritze-lanetan dagoen Balioanitzeko – Auditorium Aretoa. Horretaz gain, badago patio zabal bat erabilera anitzetarako aproposa. Aurreikusita dago Udaleko Gizarte Zerbitzuen Auzo-unitateak 450 m² erabiltzea, beraz gainontzeko espazio guztia da herritarrek diseinatuko dutena.


Nola parte hartu

Lehendabiziko fasean zehar proposamenak luzatu ahalko dira ekainaren 10a bitarte honako bide hauetatik:
erabaki.pamplona.es webgunean.
Inprimakia betez eta honako tokietan paratuko diren postontzietan sartuz: Ezkaba Auzo Elkartea, Liburutegia, Osasun Etxea, Auzotegi, UDC-KKE Txantrea eta Salestarren ikastetxe zenaren zentro berean, baita auzoko beste hainbat puntuetan ere (tabernak, dendak, ikastetxeak…)
Ekainean zehar antolatu diren dinamika parte-hartzaileetan, bisita gidatuetan eraikinera eta bestelako ekintzen bidez.
Talde eragilearekin zuzenean kontaktatuz info@zaharrakberri.org e-posta bidez

Komunikazio TaldeaHasiera